XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikuspegi honen arabera, euskal iraultzak bi fase izango ditu.

Nazional herrikoia lehena, eta sozialista bigarrena, beti langileriaren gidaritzapean.

Gauerdia da, eta bide bazterrean ezkutaturik nago zaintza egiten.

Ilargia bete betea dago goi urrutian, biribil eta distiratsua.

Hango hauts-itsasoak, mendi-kraterrak, ikusten direla iruditzen zait.

Haren argiak Mugarra mendiaren tontorra argitzen du eta urruneko Anboto mendiari gertu irizten diot.

Une honetan, urrunak eta hutsalak iruditzen zaizkit gure eztabaidak!

Naturaren indar teluriko-magikoek beraien baitan harrapatu naute, nire irudimena sorginduz.

Marxismoa, indar-produkzioak, giza-harremanak, nazio askatasuna, nazio eraikuntza... zertarako balio du horrek guztiak, Anbotok sorgintzen zaituenean eta bere damaren gatibu egiten zaituenean!

Gure herriaren sinesmen zaharretan bere mitologian, orain esaten den bezala bizi den desagerturiko mundua, hori agertzen zait aurrean.

Hemen, gauaren erresuman, bakar-bakarrik, metraileta kaskar bat hanka tartean, pinutzar bati bizkar emanez, oinak gure mundu petralean eta burua izarretan barrena doakidalarik, desagertutako otsoak ilargiari uluka entzuten ditut, eta haien ibilkera isila, arina eta nekaezina antzematen dut mendiz mendi, Urkiola-tik Otxandioraino, eta handik Gorbearaino.

Askotan uste izan dut, otsoak eta euskaldunak beste mundu bati lotutako antzinako aztarnak garela, modernitateak ez duela zer ikusirik gurekin.

Are gehiago, honek bere zooetan eta erreserbetan mugatu nahi gaituela.

Hala ere, bizirik jarraitu nahi badugu, mundu modernoan izan beharko du, ala gureak egin du!

Horregatik gureganatu behar dugu ziutatea.